XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Arteagako jauregia

ANTONIO ZAVALA

BIZKAIKO Aldundiak, 1856-ko uztaren 17-an, Gernikako arbolaren itzalpean bilduta, oso erabaki berezia artu zuan: Bizkaitik urruti jaiotako aur bat bertako semetzat artzea.

Nor ote zen bera? Napoleon III-aren eta bere emazte Eujenia Montijoren semea, urte bereko martxoaren 16-an mundura etorria.

Beraren izenak: Eujenio Luis Juan Jose.

Bizkaiak zer ikusteko zeukan orrekin? Amak, naiz Granadan jaioa izan, aurrekoak Gautegiz-Arteagako torre-etxekoak zituala, eta onen jabea bera zala.

Berri ori ematera bi ordezkari bialdu zituan Bizkaiko Aldundiak Miarritzera, Frantziako Kortea an baitzan udara pasatzen.

Andre Eujeniari oso atsegin izan zitzaion erabaki ori.

Are geiago: M. Couvrechef arkitektoa Bizkaira bialdu zuan, Arteagako torre-etxe orrekin zer egin zitekean ikustera: edo lengo zaarra berriztatu edo berri-berria altxatu.

Jaun orrek gauza arretaz aztertu eta planoak egin zituan.

Andik laster, 1857-ko maiatzean, lanak asi ziran etxe zaarraren oiñarriak eta ormaren batzuk aprobetxatuz.

Baiña beetik goraiño lujo aundiz.

Marmola ere ez gutxi, Gautegizko eta Ereñoko arrobietatik ekarrita.

Bitartean, Napoleon III-ak, bere osaba Napoleon aundiaren pausoak jarraitu nairik-edo, gerra eta naaspilletan sartu zituan bere mendeko soldaduak: Krimea, Austria, Mejiko, Conchinchina, Erroma...

Ondoren, 1870-ean, Prusiari eman zion gerra.

Bera ere ara joan zen, Frantziako soldaduen buru, bere amalau urteko seme bakarra alboan zuala.

Baiña aldi ontan kukuak oker jo zion.

Sedango burruka galdu eta bera prisionero erori.

Ondoren, errepublika-zaleak gaillendu Frantzian, eta berak Inglaterrara aldegin bear izan zuan.

Antxe bildu ziran berriro senar-emazteak eta beren seme bakarra.

Napoleon III ondoezik asi eta 1873-ko ilbeltzaren 9-an il zan.

Semea Akademia militar batean sartu eta emeretzi urte zituala, 1875-ean, ofiziale zan.

Garai artan Inglaterra, ainbat alditan bezela, Afrikan gerran zebillen, zulú izeneko beltzen lurraldean.

Eujenio printzipeak arako eskeiñi zuan bere burua.

Amak alegiñak egin zituan amets txoro oiek burutik kentzearren.

Baiña semeak ere kasketarekin segi.

Etzan, bestela, Bonapartetarra izango.

Afrikan, egun batez, kapitan bat, printzipea eta sei soldadu gerra-ibillaldiren batera atera ziran.

Atsedeten zeudela, beltzak ixil-ixilik urbildu, eta bi soldadu il zituzten.

Kapitanak-eta iges egin zuten.

Printzipea, bere zaldia aztoratuta, lurrera erori zan.

Orduan legoi bat bezela burrukatu zan.

Sei bat beltzen lanak egin ere bai.

Baiña bera ere antxe lurreratu zan, amazazpi zauri artuta.

Orrela il zan, 1879 urtean, Afrikako lurretan, ogei ta iru urteko mutil gazte ura, Frantziako printzipea eta Inglaterrako gudaroztean ofizialea izateaz gain, beste titulu bat ere berekin zeukana: Bizkaiak bere semetzat artua zana.

Franborough-eko komentuan lurperatua izan zan, aitaren ondoan.

Ama ere ara eraman zuten, Madriden 1920-ko uztaren 11-n il zanean.

Onek berrogei urte igaro zituan, beraz, bakardadean, senarra eta semea galdu ondoren.

Amets bat irudituko zitzaion orduan bera Frantziako emperatriz izan zan garai dizdiratsu ura.

Baiña mundu ontako onoreak apar utsa omen dira ta...

Idazlan au egiteko erabili ditudan liburuetan arkitu ez detana zera da: andre Eujenia au jauregi ontara iñoiz etorri ote zan.

Arteagako gaztelua urrutitik ikusia neukan bein baiño geiagotan, Lekeitiotik Gernikara joan naizenetan.

Baiña ez da denbora asko bertaratu naizela, idazlantxo au dala bide.

Jauregi dotorea da; arri sillare ederrez egiña eta inguruan jardiña edo parke bat duala.

Ezagun du gastuaren bildurrik gabe altxatu zala.

Berarekin zer ikusirik izan zuten gizakiak emendik urruti bizi eta il ziran.

Baiña etxe onek aien oroipena zintzo gordetzen duala esan genezake.

Pena batekin etxeratu nintzan: jauregia utzi samartua ikusi nuala.

Andre Eujenia ildakoan, aren illoba zan Peñarandako Dukearentzat gelditu omen zan.

Beraren jabea gaur nor ote dan ez dakigu.